Prostitutak laguntzeko amoz Hetaira elkartean hamabi urte daramatza lanean Cristina Garaizabalek. Hona heman berari egindako galderak.
Hetaira, Prostituten eskubideen alde borrokatzen duen elkartea da. Hamabi urteren buruan zerbait lortu al da?
Gaur egun prostituzioa ez da delitua, baina ez da ere jarduera errekonozitua eta legalki legitimoa. Ondorioz, tokian tokiko botereen erabakien menpe dago gaurkoz. Iaz, diputatuen kongresuak prostituzioren egoera aztertzeko lehenbizikoz komisio bat eratu zuen. Lehengo astean plazaratu zituzten ondorioak eta guztiek onetsita, gauzak, prostituzioari dagokionez dauden bezala uztea erabaki dute. Hots, ez dira prostituzioan borondatez lan egiten duten emakumeen eskubideak errekonozituko. Beraz, ikusezinak izaten jarraituko dute eta presioa, mafia, enpresari eta beste zenbait arriskuen eskuetan utziko dituzte beste behin ere. Komisioak emakumezkoen salerosketa saihesteko neurriak hartzea baino ez dio eskatu gobernuari. Gutxiegi gure ustez. Ondorio hauek erabat deitoragarriak dira, milaka emakume babesik gabe utziko dituen heinean.
Bestalde, administrazio lokalen ikuspegitik, Katalunia kasu, egin zen kontraesan asko izan zituen prostituzioa nolabait erregulatzeko saiakera bat. Baina porrot egin zuen hirukoaren hausketa dela medio. Duela egun gutxi, gainera, aditzera eman zuten prostituzioaren afera ez dela interes publikoko gauza bat eta baztertu egin dute gaia legealdi honetan behinik behin. Beste toki batzuetan berriz, kaleko prostituzioa debekatzen da, baina klubetakoa onartzen da.
Prostituzioa araupetzearen aldekoak zarete, baina zer diote sexuaren profesionalek?
Prostitutek batik bat bere jarduna lana dela aitortzea nahi dute eta horren ildotik, beste edozein langilek bezala lan eta giza eskubideak izatea; argi uztea prostituzioan autonomo gisa jardun daitezkeela; kaletarrak, bere aldetik, lasai eta toki seguruetan lan egitea; klubetakoak berriz, lan harreman bat dagoela onartzea eta bere lana askatasun osoz egin ahal izatea, enpresari ziztrinen inposaketarik gabe. Orain, izan ere, ez dute abusuen aurrean defendatzeko tresnarik; oporrak izatea… hots, beste langileak bezala aritzea.
Baina ez dira beste langileak bezalakoak!
Argi dago prostituzioaren ogibidea ezin dela beste lanekin alderatu. Baina konparazioak ez dute balio kasu honetan, ezta bestelako kasuetan ere, izan ere, lan bakoitzak bere berezitasunak ditu. Lan honetan sexua eskaintzen da. Baina horrek ez du esan nahi askatasuna ez duenik, ala duina ez denik. Gauza da gure gizartean sexualitatea oso goretsia dagoela eta halaber, prostituta izateak estigma bat eramatea barneratzen duela, baina uste dugu honen guztiaren normalizazioranzko bidea legeztatzetik pasatzen dela.
Dena den, borondate propioz lan egiten duten prostitutak gutxienekoak dira. Datuen arabera, %95ek bere kontra egiten du lan sexuaren munduan.
Zifren gerra bat dago honen inguruan eta ziurtatu dezaket datu horiek ez direla fidagarriak. %95 hori aipatzen denean, ez da inoiz esaten nondik eratorria edota zein iturritik lortutakoa den. Izan ere, ez dago horri buruzko azterketa serio bat. Eta ez dugu guk bakarrik esaten, dagoeneko, hainbat komunikabideek eta instituzioek datu horien zalantzagarritasuna baieztatu dute. Are gehiago, gure zifrek bestelako errealitatea erakusten digute. Ezin ditugu orokortu baina, Madrilen ikusi dugunaren arabera bederen, prostituten %85 bere borondatez dago lanbide horretan. Hots, nahiz eta lan egiteko beste aukera batzuk izan, prostituzioan lan egitea libreki erabakitzen dute, diru gehiago eta askatasun gehiago ematen dielako. Beste %5 mafien menpe dago eta beste %10ek bestelako presioak pairatzen ditu. (...) Datuak datu, beste arrazoi bat dago prostituten lanbidea erregulatzeko: gizarte demokratikoen kalitatea gutxienekoen eskubideak onartzeko gaitasun mailagatik ere neurtzen da. Hau da, gehiengoengatik soilik mugituko bagina inoiz ez lirateke, esaterako, homosexualen arteko ezkontzak legeztatuko edota transexualen sexu aldaketaren legea onartuko. Beraz, uste dut elementu demokratiko bat dela estatuak gutxiengoen eskubideen alde lan egitea. Bada, datuak egiazkoak balira ere, emakume horiek langile bezala errekonozituak izateko eskubide izango lukete berdin-berdin.
Egiazko datua da, aitzitik, prostituta gehienak etorkinak direla. Horrela izateak, oztopo gehiago jartzen al dizkio jardun honen balizko legalizazioari?
Kaleko prostituzioan nagusi dira etorkinak, baina ez nuke esango horrela denik beste motatako prostituzioaren kasuan. Kalean daudenetatik, gaur egun, %90 etorkinak dira. Gainera, horietatik asko arauz kontrako egoeran daude. Hortaz, herri honetan prostituzioa nola dagoen ikusita, eta etorkinen kupoen auzia aintzat hartuta, gobernuak etorkinak legeztatzeko aukera eman zuen horretan etorkinak diren prostituta asko erregulatu gabe gelditu ziren. Prostituzioa lan gisa errekonozitua izan balitz, eta baliabide ekonomikoak zituztela frogatu izan balitz, egun, etorkin haiek egoera legalean leudeke eta bertan gelditzeko aukera izango lukete arazorik gabe.
Prostituzioaren legeztatzearen kontrako korronte feministak ere badira. Besteak beste, erregularizazioak proxenetei mesede egingo diela diote eta sexuen arteko desberdintasunak oniritzia jasoko lukeela.
Nik ez dut inolako arrazoirik aurkitzen eskubideak ez onartzeko. Ez dut inolako arrazoirik aurkitzen emakumeen sektore bat diskriminatzeko. Eta proxenetei hegoak emango lioketela diotenek gezurra esaten ari dira. Izan ere, gaur egun, ez dago munduan mafiarik trafikatzen duten produktua erregulatu nahi duenik. Mafiek bere mozkinak hain zuzen klandestinitatean daudela pilatzen dituzte. Ildo horretan, guardia zibilaren txosten batek argi eta garbi dio, emakumeen salerosketarekin bukatzerako orduan prostituzioaren legeztatzeak lagunduko lukeela. Izan ere, modu horretan derrigortutako prostituzioa borondatezko prostituziotik isolatua geldituko litzateke, eta errazagoa izango litzateke antzematea. Oraingo egoerak mantentzen ditu bere horretan mafia horiek. Halaber, proxenetek prostituzioaren segurtasun eza horretaz baliatzen dira emakumeak mehatxatzeko eta esplotatzeko. Berdintasun irizpideetatik begiratuz gero, eta emakumeentzat iraingarria dela pentsatzen dutenek, soilik beraien balorazio morala dela esan behar dut. Gainera ez du gizarteak balorazio hori partekatzen, azken inkesten arabera, biztanleriaren %75 prostituzioa legalizatzearen alde dagoelako. Hau da, prostituzioa iraingarria dela eta delitua dela pentsatzea bakoitzaren balorazioa da, eta egun feminismoaren parte batek soilik kontsideratzen du horrela. Beraz, ezin da hori legea bilakatu. Hori egitekotan fundamentalismoa dela esango nuke nik.
Beraz, abolizioa ez duzu inondik inora kontenplatzen…
Prostituzioa desagertzea nahi duenak zilegia iruditzen zait. Eta prostituzioa duina ez dela pentsatzen duena, ez dadila horretan sartu, baina ez dezatela pentsatu, pentsatzeko modu hori gizarte osoari inposatu diezaioketenik. Ez da esan beharrik ere harreman sexualak berdintasun printzipioekin eta errespetuarekin gertatu behar direla. Dirua tarteko egoteak, hortaz, ez dut uste inori minik egiten dionik. Beraz, ez dut arrazoirik ikusten abolizioa eskatzeko.
Eredu desberdinak daude prostituzioa araupetzeko. Alemaniakoa, Holandakoa eta Suediakoa adibidez. Zer deritzozu?
Suediakoa esaterako deskalabru hutsa da. Hango sindikatuek esan digutenez, prostituzioa klandestinizatu egin da erabat, eta ondorioz, lan baldintzek okerrera egin dute, mafiak ugaritu dira… Bestalde, bezeroaren jazarpena bultzatzea puritanismo zakarra iruditzen zait. Ez dakit zer duen txarretik zerbitzu sexualak alokatzea. Prostituzioaren muturreko gaitzespen hori feministen alde batek defendatzen du. Horien iritziz, gizonezkoek botere kontuengatik erabiltzen dute prostituzioa. Nik ez dut horretan sinisten. Ni betidanik feminista izan naiz eta emakumeen bazterkeria ekiditea da nire egitekoa, ez gizonezkoen ekintzak beti txarrak direla pentsatzea.
Legeztatzearen prozesua abiatzeko, hasteko, prostituzioaren inguruan sortu diren topikoekin hautsi beharko litzateke ezta?
Dudarik gabe. Prostituzioa aurreiritzi interesatuez inguratuta dago betidanik, eta horiek eragiten dute prostitutak biktimak bezala ikusiak izatea edota gizonezkoen sexualitatearen zerbitzura dagoen haragi puska balitz bezala ikusia izatea. Ideia hauek bestelako kontu urratzaileagoak mozorrotzen dituzte, hots, prostituten gabeziak, larritasunak eta benetako egoera. Zenbaitzuen moralitateak kalte egiten die emakumeei eta penagarria da feminismoaren parte batek ideia horiekin bat egitea.
jueves, 10 de enero de 2008
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
1 comentario:
Ez da nahikoa etiketa batean kokatzea jatorrizko informazioaren identitatea. Zitatu egin beharra dago behar den bezala
Publicar un comentario