«Prostituzioa diru iturri delako arautuko dute»
Deuseztatu edo arautu egin behar ote den aztertu dute, Barakaldon
«Espainian prostituzioa arautu egingo dute azkenean, ez plazeraren edo askatasunaren izenean, eta are gutxiago horrek onik edo mesede egingo dielako hortan dabiltzan emakumeei; arautu egingo dute negozio bikaina delako, urtero 12.000 milioi euroko mozkinak ematen dituen negozioa delako». Mari Jose Urruzolaren berbak dira horiek. Alderdi Feministako lehendakariak Barakaldon (Bizkaia) egin ditu adierazpenok, egunotan prostituzioaz egiten dabiltzan jardunaldietan.
Udalak antolatu du gogoetaldia. Prostituzioa deuseztatu edo arautu egin behar ote den aztertu nahi zuten, eta horretarako jarrera bi horiek babesten dituzten emakumeak gonbidatu dituzte. Urruzolarekin batera, Rosario Carracedo abokatu feministak defendatu du deuseztapena, eta Belen Morales CCOO sindikatukoak berriz, auraupetzea, sexu-langileei eskubideak aitortze aldera. Madrildik (Espainia) etorri dira biak euren jarrera argitzera.Urruzolak eta Carracedok argi utzi dute eurek ez dutela debekua babesten, hori emakumea zigortzea litzatekeelako. «Ez ditzagun gauzak nahastu, gu Suedian 1999. urtean hartu zuten bidearen aldekoak gara, putazaleak eta proxenetak zigortzearen aldekoak, alegia».Alderdi Feministaren tesiak gogoratu ditu Urruzolak. Deuseztapenaren alde dira hortaz, prostituzioa premia larrian dauden emakumeei inposatu zaien esplotazioa delako; emakumea gauza bihurtuz, gizonaren zerbitzura merkantzia bihurtzen duelako; gizarte eredu zapaltzailearen balioak sendotzen dituelako; eta kaltegarria eta arriskutsua delako emakumenaren osasunerako.Prostituzioa bera bezain larria da Urruzolaren ustez, publizitateak, hedabideek eta hezkuntza sistemak prostituzioan oinarrituta sustatzen duten sexualitate eredua.Carracedok bere aldetik, argi utzi du auzia emakume guztiei dagokiela, ez bakarrik prostituzioan dabiltzanei eta, beraz, guztiek dutela auzi honetan zer esana: «Proxenetak izan dira araupetzea eskatu dutenak, merkatua emakumeen gorputzez patxadaz hornitzeko».Eztabaida politikoa dela azpimarratu du. Jokoan eredu bi daudela esan du: «Edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egiten dute agintariek, edo zapalkuntza ereduak sustatzen dira».Moralesek ez ditu iritziok gezurtatu, baina sexu-langintzan dabiltzan emakumeek egunero sufritzen dituztenak kontuan hartutan, neurriak hartu behar direla esan du: «Ez ditzagun utzikeriagatik, ezer ez egiteagatik, emakume hauek guztiak esplotazio egoera larri horretara betiko zigortu».
jueves, 10 de enero de 2008
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario